XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egilolarrako iturria.

(...) Hegoekialdeko mazelera atera ginen, Araba eta Bizkaia arteko mugan, 1370 metrotako garaieran.

Urrunean, lainoen artetik, trumoi baten burrunba entzun genuen, gero beste bat.

Orozko haraneko aldetik zetozela zirudien.

1335 metroetan Arrorianoko lepoa zeharkatu genuen.

Txilarrez estalitako mazelan, Mururako bide gandorduna hegoaldera utzi ondoren, ezkerretara jo genuen zeharka Egillolarrako iturriaren bila.

Arrorianoko ekialdeko isurialdean aurkitu genuen, lurraren babesgune txiki batetan.

Bere hareharrizko xaflan marrazturiko lauburu baten aldamenean irakur zitekeen: Egillolarra iturri.

Freskatu bat hartu eta ur piskat edan genuen. Eguerdiko hamabiak. Garaiera, 1220 metro.

Trumoiak gero eta hurbilago entzuten ziren, dunbots haundiagoz, tarte txikiagoz.

Laster bukatu zen mazela tipila eta bagadian barneratu ginen.

Basoan ginelarik, gure bidearen alde banatan eta haitz bat menderatuz, Egillolarrako txabola biak ikusi genituen. Ordua, hamabiak eta laurden. Garaiera 1170 metro.

Argia une batetik bestera indarra galtzen ari zen.

Iparrekialdetik zetozen hodeitzarrek Oketaranzko norabidea zeramaten.

Hasieran hegoaldera jaitsi ginen bertako gandor txiki eta bereizgarrien zehar eta segidan, hegoekialderantz bagadi eta txilar altuen artean.

Bidea gero eta gehiago nabarmentzen zen lurrean.

Gingiako sakaneko burua gainditu ondoren, mendibizkarretik, zeharka, ez genuen denbora haundirik izan behar Asunkortako errekaren gainean agertzeko.

Behealdetan haritza agertzen hasia zen bagoa ordez.

Asunkortako txabola azaldu zen gure ezkerretara 780 metroetan.

Ekaitzak orpoz-orpo jarraitzen zigun eta hodeiak Oketako lepotik eta Gongaren gainetik sartzen ziren abiadura handiz.